2019ko otsailak 26, asteartea. (PEDAGOGOEN AURKEZPENAK)

KAIXO, KAIXO!

Aste honetan pedagogoen aurkezpenak egingo ditugu.Aurkezpenetan, pedagogoen bizitzaz eta pentsamendu/metodologiaz aritu ondoren, talde bakoitzak pedagogia hori gaur egungo eskola batean nola aplikatuko luken adieraziko du. Azken atal hau talde guztiek egin duten arren, sarreretan soilik  nire taldeak egin duena sartuko dut. Gaurkoan, John Dewey, Paulo Freire, Barbiana eskola eta Freinet ikusi ditugu.


JOHN DEWEY, 1859an jaio zen eta 1952an hil. Bere pedagogia sortzeko, filosofia, hezkuntza eta politikari garrantzia eman zien, eta esperientzia bidez garatu zuen. Esan daiteke, Dewey pedagogiaren aintzindaria izan zela.

Eskolan esperientzia eremuak sortu zituen, eta bertan, haurrek praktika bidez ikasten zuten. Filosofia erabiltzen zuen eguneroko bizitzari aurre egiteko eta eskola praktika sortu zuen, praktikan eta esperimentazioan oinarrituta. Bertako heziketa, norbanakoaren esperientzia berreraiki eta berrantolatzeko umeei garatzen uztean zatzan. Metodologia, esperientzian oinarrituta zegoen eta Deweyek zioenez, "esperientzia bat, biziz gero soilik uler daiteke". Gainera, pedagogoak esan ohi zuen munduarekiko ikuspegia aldatzen zela gizartea aldatzen zelako, eta hori dela eta, eskola ere aldatu beharra litzatekela. Bertan egiten zituzten jarduera guztiek iraunkortasuna eta interakzioa zeuzkaten ezaugarritzat eta indibidualtasuna errespetatzen zuten. Printzipio pedagogikoetan barneratuz, bertako ikaskutza jardueretan oinarritzen zen eta azpimarratzen zuten, demokrazia osoa eman ahal izateko, eskolaren eta gizartearen partehartze eta eskuhartzea beharrezkoak zirela. Bestetik, ez zuten kurrikulum eskolarrik erabiltzen.

Bertan azpimarratzen zuten hezkuntza ez zela etapa bat, hau da, ez zela inoiz amaitzen. Aurretik azpimarratu bezala, jarduera praktikoak zeuzkaten oinarritzat eta demokraziaren ideian sakonduz, esaten zuten hau gobernu mugimendua baino, geure bizitzeko modua zela eta horren arabera eramaten zela aurrera.

Amaitzeko, honako hau zen eskolako proposamen metodologikoa: Esperientzia erreal batetik abiatzen ziren, eta gero, hortik sortutako arazo edota oztopoak identifikatzen zituzten. Ondoren, arazo horien soluziobideak bilatzen zituzten. Gero, irtenbideak emateko hipotesiak formulatu beharko lituzkete eta azkenik, ekintzen (praktiken) bidez hipotesi horiek egiaztatu beharrak zituzten.

Deweyek proposatutako eskola laborategiak 1896an ireki ziren eta bertan, teoriatik praktikarako saltoa ematen zuten, hau, berrikuntza bat izanik garai hartako hezkuntzan. Erabiltzen zuten kurrikuluma okupazioetan oinarrituta zegoen eta edukia, hurbilekoa, praktikoa eta erreala zen. Alderdi fisiko, intelektuala, estetikoa eta morala lantzen zituzten, adibidez, egur-lanketa gisako jarduerekin. 

Amaitzeko, hona hemen Deweyen esaldi esanguratsu bat: “eskolak ez du bizitzarako prestatu behar, eskola bera da bizitza”.


PAULO FREIRE, 1921etik 1997ra arte bizitu zen. Brasilekoa zen eta garai hartan eman ziren garapen ekonomiko eta soziala jasan zituen. Freirek zuzenbidea ikasi zuen, baina hezkuntzarekiko interesa pizten joan zitzaion, azkenik, hezkuntzan aditu izendatu arte.

Freireren planteamendu pedagogikoari dagokionez,  esaten zuen pedagogiak politika izaera zeukala, baina ez zela dogmatikoa izan beharra. Bere pentsamenduak aldaketa eta transformazioa bultzatzen zituen. Bere obrek, bai hezkuntza popularrean baita liberalean ere errekonozimendua lortu zuten. Freirek zioenez, izakia ez zen munduan objektu soil bat, gai zen aldaketak egiteko eta beraz, berak subjektu bezela izandatu zuen izakia.

Ikaskuntza dialogikoa proposatu zuen, helburuan, analfabetoen testuingurua ulertzea izanik. Esaten zuen, hezkuntza ezin zela politikarik gabe egon, baina era berean hezitzaileen rola ezin zela autoritarioa izan. Freireren hezkuntzaren helburuen artean mundua eraldatzea zegoen eta horrela, munduarekiko ikuspegi berri bat ikastea. Helburu hori eskola publiko popularrean ezarri zuen, beste hiru azpi helburu sortuz: 
  1. Eskolako sarbidea eta iraunkortasuna erraztea.
  2. Pedagogiaren demokratizazioa eskatzea.
  3. Hezkuntzaren kalitatea bermatzea.
Horretarako ordea, kurrikulum interdisziplinala eta irakasleen formakuntza ezinbestekoak ziren.

Freirek ez zituen politikaren bi puntak (eskuina eta ezkerra) hezkuntzarako onartzen, eta garrantzi handia ematen zion eskolaren eta gizartearen arteko interakzioari. Horregatik, bere eskolak guztientzako irekiak zeuden eta interakzio hori lortzeko zirkuluak egiten zituzten, bertan eztabaidak sortuz.


BARBIANA ESKOLA, Lorenzo Milanni (1923-1967) apaiza, pedagogo eta idazle italiarrak ireki zuen. Garai hartan, faxismoa bukatu berri zen eta eskolen arteko desberdintasun soziala handia zen. Beraz, horri irtenbidea emateko asmoz sortu zuen eskola hau, batik bat pobreei zuzenduta, haurrek eskolarizazioa jaso zezaten.

Ideia horrekin jarraituz, eskola hau eskola inklusiboa zen eta beraz, aniztasuna errespetatzen zuten. Bertako metodologiari begiratuz, helburua umeek ikastea zen eta pentsamendu kritikoa bultzatzen zuten, ez ordea metodologia memoristikoa. Aurretik aipaturiko aniztasunarekin lotuta, esan, Barbiana eskolan adin ezberdineko haurrak zeudela elkarrekin eta horrela, batzuk besteei laguntzen zieten, elkarlanean ikasiz. Eskola honetan hiru balore ezarri ziren: mundu guztiak zeukan ikasteko eskubidea (ez zituzten onenak saritzen eta eskola solidarioa zen, hau da, azkarrenek besteei laguntzen zieten eta gaia ez zen amaitzen denek ulertu arte), ikasteak parte hartzeko balio zuen (parte hartzea alderdi ezberdinetan sustatzen zuten: politikan, greba eskubidea...) eta bidezko mundu bat eraikiko zuten. 

Barbiana eskola, denak ziren irakasle eta ikasle. Denak mahai handi baten inguruan esertzen ziren eta bertan egiten zuten dena. Ez zuten azterketarik egiten eta beraz, ez zegoen notarik, errepikatzailerik,... hau da, denek aukera berdinak zeuzkaten. Eskola beti zegoen irekita, ikasle gehienak landa eremuko haurrak baitziren. Horrela, eskolako ordutegia bertako haurren bizitzara egokitzen zen, haur horientzat eskola pribilegio bat izanik. Edukiei begiratuz, bertan ematen zutena haurren interesetatik abiatuta erakusten zuten. Horrela, haurren jakin-mina eta motibazioa indartzen zituzten eta bertara joateko gogoa pizten zitzaien.

"Cartas a una maestra" liburuan kritika zorrotza egin zitzaion garaiko hezkuntzari, esanez, soilik familia burgesetik zetozen haurrak hezitzen zituztela eta bertako erritmoa jarraitzeko gai ez ziren haurrek (klase baxuagokoak batik bat) errepikatu egiten zutela.

Liburua irakurri nahi baduzue, hementxe uzten dizuet esteka: CARTAS A UNA MAESTRA


FREINET, 1896an jaio eta 1966an hil zen. Herri-maisua izan zen, baita XX. mendeko hezkuntzako berritzaile nagusienetako bat ere. Bizitza familiarraren eta eskolaren arteko oreka defendatzen zuen, eta bere ekarpen nagusiena lana, umea eta gizartearen ikuspuntua izan zen. Bertan, hiruak elkarren osagarriak zirela aipatzen zuen.

Freineten pedagogia, aktiboa, popularra, lan kooperatiboan zentratutakoa eta metodologikoa zen. Ondorengo ideia hau azpimarratzen zuen: haurrak eginez pentsatzea eta pentsatuz egitea. Pedagogoak sekulako konpromiso sozial eta demokratikoa zeuzkan. Bere ikasle gehienak baserritarren seme-alabak ziren eta gainera, bi gerra mundialak bizitu zituenez, langileriaren zorigaitzaz kosziente zen. Asko erreparatzen zion haurrak inguratzen zituen errealitateari eta haurrak ere errealitate horren berri izan zezaten bultzatzen zuen. Adierazpen askatasunak sekulako garrantzia zeukan eta konfiantza sustatzen zuen, eta haurren arrakasta beren interes indibidualetatik bilatzen zuten.

Metodologiari dagokionez, praktikoa eta aktiboa zen, haurren interesei lotuta, eta heziketak esperimentazioan zeukan oinarria. Ingurunea ere kontuan hartzen zuten eta ezaguera ekintzatik jaotzen zela zioten, ez ordea arrazoietatik. Beren helburua, lanaren bidez heziketa lortzea zen. Horretarako, lan-jokoak egiten zituzten. Horrela, bi prozesu barneratzen zituzten haurrek, batetik lanarena, eta bestetik jokoarena. Esan beharra da, bertan, natura ere oso presente zeukatela.

Lan kooperatiboa bultzatzen zuten, gizartea lan kooperatiboaren fruitua zela argudiatzen baitzutuen. Testu librea, eskola egunkaria, gelako bilerak, hitzaldiak, kalkulu bizia, eta abar ziren hori lortzeko erabiltzen zituzten teknikak.

                                                 

Hauxe izan da gaurkoa, pedagogia berri asko ikasi ditugu. Elkarren arteko zenbait berdintasun ere aurki ditzakegu, hala nola, haurraren izaera aktiboa, gizartearekiko erantzunkizuna edota haur txiroek eskolarizazioa jaso zezaten garrantzia.

ESPERO DUT LAGUNGARRIA IZATEA ETA GUSTATU IZANA, ESKERRIK ASKO. 👋

























































Comentarios

Entradas populares de este blog

2019ko otsailak 27, asteazkena. (PEDAGOGOEN AURKEZPENAK)

2019ko apirilak 10, asteazkena. (UNITATE DIDAKTIKOEN AURKEZPENAK)